Herriko Sarea

Oiartzuarrak.org-en parte hartzen duten blogen zerrenda:

Udala
  • 2
    AZA
    2017
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Suteak, gaurkotasunez betetako gaia

    Aurreko batean meatzeen inguruan jardu gara. Ez dira, ordea, Bailarak aurreko garaietan zituen gauza azpimarragarri bakarrak; oihanak ere hor zeuden.

    Basoa aspalditik izan da aberastasun iturri: jatekoa lortzeko, behar ezberdinetarako materialak eskuratzeko, lanbide ezberdinen jardunleku... Lurralde zabal nahiz txikiko herrietan, ohiko baliabide-meatze bihurtu zen. Toki guztietan, baina, ez zuen garrantzia bera izan. Oiartzun bezalako tokietan, burdinola kopuru handi batekin, basoak eskaintzen zituen produktuekiko eskaera agerikoa zen, bereziki ikatze egiteko edo arrragoetarako egurra lortze aldera. Baziren, halaber, oihanean beraien premiei erantzuteko gaiak topatu zituzten beste jarduera batzuk; ontzigintza, eraikuntza eta abeltzaintzak ere basoa oinarrizko helduleku izan zuten. Baliabide-iturri preziatu bihurtuta, aurreko mendeetako gizartea inguru horretara estuki lotuta ageri zaigu.

    Anitz jende eta ogibideren lan-esparru zen heinean, halako eremu batek presio nabarmena jasan zuen, arautua zein arautu gabekoa. Esku hartze horiek hamaika ekintzatan gorpuztu ziren, legez kanpoko zuhaitz mozketak edo gehiegizko lepatzeak, besteak beste. Egoera hau dela eta, ez zen ezohikoa suteak sortzea, naturalak zein gizakiak sortutakoak, nahigabe edo propio eragindakoak.

    1) Etengabeko ardura

    Beste leku batzuetako dokumentazioak ere Oiartzunen edo oiartzuarren eta suteen arteko loturak islatzen ditu. Errenteriako udal aktek, adibidez, bere mendietan Bailarako hainbat auzok sortutako erreketen berri ematen digute, hala nola 1611n Migel Bidarte ikazkinak sortutakoa, Frantzisko Arpidek 1647an burututakoa edo beranduago, 1691 eta 1705ean, egindakoak.

    Oiartzungo udalbatzaren erregistroetan, erreketen berriak ugariak dira. Etxeek, elizak edo bestelako eraikinek pairatutakoak ditugu: Añarbe etxea 1658an, Igartza, Azkue eta Maritxonea etxeak 1697an edo elizako koruan 1707an.

    1707ko abenduan udalbatzak mandatu bat eman zuen udaletxeko geleten lasto, ale, gari, egur eta bestelako trasteak sartzea debekatuz eta une hartan zeudenak kentzeko agindua emanez. Ez da harritzekoa udal-agintarien ardura etengabea izatea eta hainbat pauso finkatuta egotea.

    Beste hainbat gertakarirekin lez, ezkilak edo kanpaiak ziren suaren berri emateko tresnak (1678, 1683 eta 1691n dakusagu). Aditu orduko jendea elkartzen zen, sutea zegoen lekura joateko. Komunitateko partaideek betebehar hori barneratua zuten eta udalbatzak, ardura horretan zebiltzanei askaria eta freskagarria emateko obligazioa zuen.

    Suteen kontua aintzat hartzeko gaia zen heinean, udal-ordenantzek haien aurka egiteko neurriak bildu zituzten; hedatuena, ezbairik gabe, garrak amatatzeko gai moduan sagardoa etea ardoa erabiltzean zetzan. Oiartzungo kasuan Elizaldeko iturria funtzio horretara bideratu zen; are gehiago, 1695ean beste inolako erabilerarik ez izatea adostu zen. Auzunean gertatutako suteen aurka bideratuta egongo zen, gertura.

    Aktek mendietan jazotako suteei buruz dakarten lehenengo datua 1665ekoa da. Apirileko idatzi batek Borrokazelaieta eremuan izandakoaren berri ematen digu, herri-larretan jazotakoa. Sutea ezin izan zen segituan itzuli; aitzitik, azkar asko hedatu zen. Eremu zabal bati kalte egin zion, eta besteak beste, ametz ugari erre zituen.

    1686an Iturrola eta Zumalikarreta artean eta Fagolako sarobean gertatu ziren bi suteen informazio zehatzagoa dakarte. Lehenengoan 70 zuhaitz-lepatu eta 16 ipinabartu erre ziren; bigarrenean, berriz, 17 lepatu. Urte batzuk beranduago Beotegin gertatutako sutean, aldiz, lepatu eta enborrei dagokionez, 20 ez beste guztiak kiskalita gelditu ziren, kalteak 180 errealetan baloratuz. Erretako lursailak, aldiz, bi golde edo uztaldiko tamaina zuen, 0,62 hektarea gutxi gorabehera.

    2) Errudunak eta zigorrak

    Suteen kalteak balioztatu eta erantzuleak topatzeko asmoz, udal-gobernuek beraien taktikak abian jarri zituzten. Horretarako, justiziak frogaketak egin eta lekukotzak hartzeko ardura zuen. Aipatu ditugun 1686ko bi suteei buruzko informazioa hartzeko, auzoak atxilotzea adostu zen ("se haga cautura de todos los circunbecinos de los parajes arriua dichos"); 1693an, berriz, susmagarri zirenak atxilotzea erabaki zen ("llamar y prender a los indiçiados").

    Ikazkinak ziren horrelako jazoerak sortzen zituztenetako batzuk: txondorra egin eta hau zaintzen zuten bitartean, txinparta batek inguruan jo zezakeen, suari bidea irekiz. Baina ez ziren erantzule bakarrak; abeltzainen jardunak ere ondorio horiek ekarri zituen. Horren lekuko dugu Hamabiaritzetan eta Beobieta artean Sebastian Oiartzabali eta Martin Bengoetxeari 1697 urte erdialdean gertatu zitzaiena. Biek, 12-13 urteko morroi Joanes Bengoetxea lagun zutela, otadi zati txiki bati su eman zioten, azienda xehearentzako bazka sortzeko asmoz: "con prestesto de que huuiese un poco de pasto para el ganado menudo (...) dieron fuego a un poco de argomal". Esku artetik ihes egin zien, suak ustekabean indar gehiago hartu eta beheranzko bidea hartu baitzuen.

    Beharginek izan zezaketen arduraz gain, suteen kontua kontzientzia txarreko jendearen ekimenak ziruditen, giroa lagun zutela sortutakoak. Arbide eta Oiartzabal inguruetan nahita piztutako suteak hori islatzen du, hegoaizea zebilela piztu baitzen: "alguna persona de mala conciencia auía dado fuego y yncendió a la juridizión d´este valle junto Arbide y Oyarzabal, que con la violençia y rigor de los vientos solanos peligrauan los montes y casas...".

    1705eko otsailean egin zen galdeketan egilearen nondik-norakoak ez daude oso argi, baina Pedro Altamira 29 urteko ikazkin oiartzuarraren esanek nahita eragindako gertakari baten aurrean gaudela aditzera ematen dute. Hark zioenez, lanean zebilen lekutik "hiruzpalau moskete tirora", kapusaia soinean zeraman gizon ezezagun bat inguruari su ematen ikusi zuen. Altamiraren erreakzioa tipo horri garrasi egitea izan zen, kargu hartuz eta haren aurkako biraoak botaz: "vio a vn onbre con ropa de capussay y que estaua encendiendo fuego y le gritó al tal ombre maldiciéndole, pero no conoció al sugeto".

    Erantzulea topatzea ez zen beti samurra izaten: 1691ko otsailean Arbide eta Oiartzabal arteko sutean edo 1693ko uztailean Barkardaztegi errotatik gora sortutakoan, zailtasunak agerian geratzen dira. Adibiderik azpimarragarriena Iturrola ondoko mendietan kiskali ziren haritzei buruzko 1705eko galdeketa dugu. 25 lekukoetatik seik bakarrik eman zuten nolabaiteko informazioa, laurdenak bain gutxiagok, alegia, baina datuak askoz urriagoak izan ziren.

    Errudunei hainbat zigor mota ezartzen zitzaizkien: axolagabekeria hutsez jokatzen zutenei (Jose eta Juan Perez Isasa ikazkinei Txaradin gertatu bezala), isun batez gain haritz-mintegi bat egiteko ardura ezarri zitzaien 1687an. 1696ko maiatzaren 19an hartutako erabakien artean, hau hartu zen: udal-mendiei su emango zion pertsona orori heriotz-zigorra ezarriko zitzaion, erreinuko legeetan adostutakoa jarraituz.

    Erretako egurra edo sutearen ondoren kalterik gabe geratzen zen zura aprobetxatzen zen. 1687an Txaradin erre ziren ikatz-egur zamak, adibidez, enkantean atera ziren. Beraien bizitzan gertu eta eskura zituzten oihan, zuhaitz eta bertako fruitu eta animaliek gurean baino protagonismo zuzenagoa zuten.

<< 2017, azaroa >>
As. As. As. Ost. Ost. Lar. Ig.
  12
 
345
 
6
 
7
 
8910
 
1112
 
13
 
141516171819
2021222324
 
2526
27
 
282930
 
   
       

>> Hurrengo ekitaldiak

Banerrak

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /

  • Oiartzungo Udalaren bloga. Kultura eta aisialdi ekitaldiak. / Nor gara /RSS