Herriko Sarea

Oiartzuarrak.org-en parte hartzen duten blogen zerrenda:

Udala
  • 11
    API
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Generoaren historiaz: XVII. mende bukaera eta XVIII. mende hasierako Oiartzunen (I)

    Martxoaren 8an izan zen mundu mailako greba, lanuzte edo plantoaren ildotik, aste batzuetako atzerapenarekin bada ere, aurreko mendeetan udal-aktetan emakumeei buruzko informazioa bilatzeari ekin diogu.

    Dokumentazioa aztertzerakoan, gizonezkoek gobernatutako gizarte baten aurrean gaude: emakumea bigarren mailako protagonista da eta eta bere papera, gizonezkoarenarekin alderatuta, beneta txikia izan zela irudi dezake. Informazioak, askotan zeharkakoak, sakabanatuak dira. Udal-aktetan emakumeari edo horrek gizarte hartan zuen paperari buruzko informazioa ez da topatzen erraza. Dena den, aktak ez dira basamortu bat.

    Emaitzak datozen lerroetan ikusiko ditugu, hiru ardatz nagusiren inguruan: gizartearen baitan, gizon-emakumeen arteko harremanen arautzean; emakumearen ogibide eta jardunetan, eta, azkenik, alfabetizazio kontuak.

    I) Gizartea

    Emakumearen papera filosofia, erlijio edo zuzenbidearen ildotik oso baldintzatua zegoen. Asko ziren bere izaera maltzurra eta gizonezkoenganako zuen mendekotasuna salatzen zuten idatziak. Lege edo arau aldetik haien portaera kontrolatzeko ekimenak azalduko dira, bai elizari lotutako esparruan, baita alor zibilean. Aktak adibidez josita daude.

    Ildo nagusietako bat jende ugari biltzen ziren leku eta uneetan bi generoen arteko banaketa bermatzea zen, gizonak batetik eta emakumeak bestetik; moraltasunaren eta Elizaren arauen izenean. Jende andana biltzen zen plaza inguruetan, baita betan, taberna eta sagardotegietan ere. Esparru horietan bi sexuen arteko harremanak arautzeko hamaika ekimen eman ziren. 1699an, adibidez, danbolinjole edo txistulariei Bailarako hiru plaza nagusitan bakarrik jo zezatela agindu zitzaien, eta ez edozein auzune edo baserritan. Agidanez, sagardo salmenta egiten zenean, musikariak leku horietara joaten ziren, bertan neska-mutilak elkartuz eta "mucha desorden y cometer muchas ofenssas de Dios". Emakumea ez zen horren errudun ikusten; musikariak ziren jendea aztoratzen zutenak.

    Momentu handiek portaera zalantzagarri edo lizunetarako aukera ematen zuten. 1691n, Egunsentiko meza ohikoa zen orduan ospatzea adostu zen, udan goizeko 05:30ean eta neguan 07:30ean. Goizago egitea erabaki zen, baina honek eragozpen ugari ekarri zituen. Mezetara joateko aitzakiapean, neska-mutil gazteak elkarrekin zebiltzan, ordutik kanpo eta jenderik gabeko lekuetan. Gobernuak hori debekatu zuen, baina horrez gain, gurasoen eta nagusien ardura eskatzen zen, seme-alaba eta mirabeekiko zuten erantzukizunari erreparatuz.

    Sexuen banaketa ez zen espazio zibiletan bakarrik eman. Sinbolismo berezia zuten lekuak horren lekuko izan ziren, eliza eta inguruak. Tenpluko kou azpian, bataiarriaren inguruan eta bankuetan gizonak eta emakumeak elkarrekin egotea eta esertzea behin baino gehiagotan galarazi zen. Neurri horiek XVII. mende bukaeran areagotu ziren, 1690etik aurrera, aurreko hamarkadetan ez baitugu horien inguruko informaziorik. Antzeko xedapenak hilerrirako bidean zeuden eskailerei edo hileta-segizioei ere eragiten zieten (1688).

    Halako arauak orokorrak ziren, baina izan ziren zehatzagoak: 1695ean, adibidez, Ostegun eta Ostiral Santuz, Kriston Heriotza ospatzean, emakumeei aldare nagusiko eskaileretan egotea debekatu zitzaien. Hiletetara, 1691ko urtarrileko mandatuaren arabera, emakume eta inudeak mezatara umeekin batera joaten ziren.

    Genero zatiketa ospitalean ere gertatu zen. 1697ko abuztuan argitaratutako aginduek emakume zein gizonentzako berezko lekua egokitzeko asmoa zuten. Ospitaleko maiordomo zen Juan Arrondoren eskaera aintzat hartuta egin zen eta helburua iskanbilarik gabeko egoera bilatzea zen, bare eta baketsua, jendeak lo egin zezan. Bi urteren buruan ospitaleak banatu gabe jarraitzen zuen.

    Handik gutxira udal-kartzela izan zen helburu. Ziegetara bideratzen ziren udaletxeko gelak oso egoera kaskarrean zeuden. Emakumezkoentzako kartzelarik ez zegoenez, 1700eko otsailean bat egitea erabaki zen, horretarako udaletxeko ziega moduan atonduz. Ospitalearekin gertatu ez bezala, hilabete gutxitan (uztailerako) lan guztiak bukatuak zeuden.

    Ezkongabeak ziren baina bikote-bizimodua zeramaten gizon-emakumeak Bailaran ugariak ziren Erdi Aro bukaeratik gutxienez, 1499ko ondasunen estimazio-liburua edo errolda lekuko. Orduan burutu zen erroldak halako bikoteen edo neska "amorante" horien egoera eguneratu zuen, maila fiskal berriz ezarriz, ohiko egoera zenaren seinale. Berrehun urte beranduago errealitate horrek indarrean jarraitzen zuen. 1692ko uztailean, gizonekin bizi ziren emakume ezkongabeak 20 eguneko epean ezkondu zitezela agindu zen eta gizon ezkonduekin harremanak zituztenak 8 eguneko epean Bailaratik ateratzeko asmoa agertu zen: "que todas las mugeres corrutas que están en este valle se casen dentro de veinte días corrientes desde oy, y las mujeres que tratan con onbres casados salgan dentro de ocho días de este valle, pena para todas de que se pondrán a la bergüenza pública". Bi urte beranduago, 1694ko urtarrilean, antzeko xedapenak plazaratu ziren. Oraingoan ohaideei bakarrik egiten zitzaien aipamena -apaiz eta gizon ezkonduen ohaideei-: "que ninguna muger corruta, amanzeuada o que dé mal exemplo con clérigo, hombre casado o con otro de qualquiera estado no admita ninguna persona en su casa y que salga de este valle dentro de nuebe días, con aperzeuimiento que se sacará públicamente del dicho Valle".

     

Banerrak

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /

  • Oiartzungo Udalaren bloga. Kultura eta aisialdi ekitaldiak. / Nor gara /RSS