Herriko Sarea

Oiartzuarrak.org-en parte hartzen duten blogen zerrenda:

Udala
  • 13
    API
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Generoaren historiaz: XVII. mende bukaera eta XVIII. mende hasierako Oiartzunen (III)

    Udal aktetan generoaren gaiari emango diogun azken begiratua emakumeen alfabetizazioari buruzkoa izango da.

    III) Alfabetizazioa?

    Bileren erregistroak biltzen dituzten sortek bestelako dokumentuak ere gordetzen dituzte; erakunde zein pertsonek udalbatzari zuzendutako idatzi, eskaera edo gutunak, eta horietan, emakumeak ere protagonista dira. Hori ditugu baimen eskaerak: otea mozteko, enborrak hartzeko, harria idokitzeko... Baimen horiek eskatzaileek edo eskribau batek idazten zituen, baita izenpetu ere, pertsona horrek eskaera egiten zuela frogatzeko.

    Oiartzungo akta liburuetan gordetzen diren 490 eskaera edo baimen idatzietatik gehienek gizonezkoak dituzte protagonista. Emakumeen ekimenez sortutakoak oso gutxira dira, 16 inguru (%3,2). Bakarrik edo gizonezkoekin batera ikus ditzakegu. Emakume oiartzuarrak protagonista bakarrak diren adibideak hamar dira, eskritura guztien %2.

    Gizon-emakumeak bost eskaeratan ditugu, dela senar-emazte moduan, dela negozio berean sartuak zeuden pertsonak. Eskritura hauetan gizonezkoa da sinatzaile eta zuzeneko eskatzaile; emakumean izenean dihardu. Adibide moduan, hor ditugu Martin Intxaurrandieta eta Maria Martin Sein senar-emazteei, bikote ziren Juan Arrondo eta Mari Juan Indarti eta egoera zibil berean zeuden Jose Aldako eta Maria Teresa Etxeberriari emandako baimenak, hurrenez hurren 1669, 1697 eta 1709 urteetakoak. Lotura zibilik gabeko protagonistak dituzten idatziei dagokienez, Olaberria burdinolako errentari Martin Ariztizabal eta Maria Josefa Bengoetxeak 1708an lortutako baimena aipa dezakegu edo 1704ko martxoan, Frantzisko Zaletak eta Isabela Eizagirrek udalbatzari zuzendu zioten otea mozteko eskaera.

    Sinadura egokiak, erdipurdikoak edo txarrak ikus daitezke. Hor dugu, adibidez, Teresa Maria Agirre Gamarrak Isasola burdinolaren gabi nagusiarentzat bi kirten edo ardatz egiteko egurra eskatu zuenekoa, 1686ko abenduan. Dokumentua egoera kaskarrean badago ere, argi dago Teresak sinatzen zuen bitartean, testua beste pertsona batek idatzi zuela.

    Emakumeen eskaeretan agertzen diren sinadurei so egiten badiegu, lehen begiratuan sinatzen dakiten emakumeetatik gehienak primeran egiten dutela ematen du: eginkizun horretan ondo heziak daudela dirudi. Hor ditugu 1658ko Margarita Oloskogoaren sinadura, Añarbe etxea berreraikitzeko baimen-eskaeran; 1686ko irailean Maria Belez Iriberrik aurkeztutako idatzian ageri zaiguna; 1706ko urriaren 23an su egurrerako beharrezkoa duen materiala mozteko baimena lortzen duen Maria Josefa Laskanburu; 1708ko apirilerian teileria eta laberako otea eskatzen duen Maria Josefa Ibarburu; hilabete batzuk beranduago, urte bereko abenduan, Klara Arburu alargunaren su-egur eskaera; edota 1709ko otsailean Maria Martin Intxaurrandietak otea mozteko asmoa agertzen duen agiria. Kasu horietan guztietan emakumeek beraiek eskaeraren mamia idazten dutela ematen du, testua eta sinaduraren hizki motak bat baitatoz.

    Guztia, ordea, ez da horren argia. 1676ko apirilean otea mozteko baimena lortzen duen Margarita Zuaznabarren kasuak tentuz ibiltzera garamatza. Bere adibidean eskaerak, sinadurak eta udalbatzaren erantzunak esku berdinak idatzitakoak dirudite. Udalbatzaren erabakia Juan Magierena Zubieta udal-eskribauak berresten badu ere, testuaren mamia ez da berak idatzitakoa, ez baitator bat bere hizki moldearekin; beste sinadurak ikusita, idatzi osoaren letrak Ignazio Makutsoren izenpekoaren antza du.

    Urte batzuk beranduago, 1690eko azaroan haritzak mozteko baimena eskatzen zuen Maria Josefa izeneko andrearen kasua ere ildo horretatik ulertu behar dugu. Testuaren mamia eta sinadurak liburu horretan zehar hainbat alditan ageri zaigun letra mota bati dagozkiola ematen du, Frantzisko Arpide eskribauari.

    Egoera bertsuan dugu 1704ko abenduaren 24an ageri zaigun Olaberria burdinolako errentari zen Maria Josefa Bengoetxea. Eskaera, sinadura eta udalbatzaren erabakia idazkera berdinaz osatua dago.

    Emakume oiartzuar hauen alfabetizazio maila goren honi lotutako beste zalantza sinaduren arteko alderaketa eginez sortzen da. Maria Josefa Bengoetxearenak eta Maria Josefa Laskanbururenak antz handia dute, esku berak egindakoak dirudite, baita Maria Josefa Ibarburu eta Maria Martin Intxaurrandietarenak.

    1691ko maiatzeko Bordaberri basetxearen eta ondoan dituen udal-lursailen mugarritze autoak irakutzen baditugu zalantzak eta galderak areagotu egiten dira. eskaera Maria Belez Iriberriren eskutik dator. Bere sinadura 1686an ageri zaigu eta bost urte beranduago beste horrenbeste egiten du. Sinaduraren, eskaeraren eta autoen letra-mota berdina da. Autoak, teorian, urte hartan udal-eskribau zen Frantzisko Arpidek izkiriatu zituen. Badakigu, baina, hori ez zela benetan gertatu, Arpideren sinadura eta autoen idazkerak ez baitatoz bat, nahiz eta Arpidek berak idatziak zirela adierazi. Bera izan ez bazen, logikoena bere ikasleren batek idaztea zatekeen edo Bailarako beste eskribau batek. 1691ko dokumentu honetan, autoak eta Maria Belezen eskaerak (eta sinadura) esku berak egindakoak dira. Teorian, eskaerek balio juridikoa izateko eskaitzaileen sinadura behar zuten; idazteko gai ez izatekotan, beste pertsona batek sinatuko zuen, oharren bat adieraziz.

    Gaur egin ditugun ezagutza edo aurreiritziekin, normalena emakumeen ordez eskaera horiek beste batzuek egitea litzateke. Gerta daiteke liburuetan ageri diren eskaerak originalak ez izatea, eskribau batek egindako kopiak baizik.

    1704ko maiatzean Bailarako auzo batzuekin eskaera aurkeztu zuen Maria Josefa Bengoetxeak. 1707ko uztailaren 30ean Bengoetxeak berak ziurtagiri bat luzatu zuen Oiartzungo udalbatzaren alde, azken honek bere aita San Juan Bengoetxea zenari alkabalagatik zor zion dirua ordaindu ziola adieraziz. Bi dokumentu horien dakusaguna aurretik aipatu dugun sinaduraren bera. Azken hauetako bere benetako sinadura da: bietan berdina da.

    Lehen begiratuan, eskaera hauen sinaduretan ageriko faltsutze bat zegoela ondoriozta daiteke. Hori dela eta, alfabetizazio prozesuak ikertzeko tentuz ibili behar da.

Banerrak

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /

  • Oiartzungo Udalaren bloga. Kultura eta aisialdi ekitaldiak. / Nor gara /RSS